XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KOMUNIKABIDEEN BEHARRA

Sarrera

Gizona ezin da bakarrik bizi.

Izadiarekin, gauzekin, abereekin, beste gizonekin etenik gabeko harremanak behar ditu.

Gaurregun gizonak gero eta urrutiago ditu izadi hori eta gizarte hori.

Landareak, zomorroak, piztiak eta abereak liburutako argazkietan bakarrik ikusten ditu.

Horma tzarrez inguraturik bizi da gaurko gizona.

Irratiko hizlariaren aurpegirik ez du ezagutzen.

Aldizkarian irakurtzen ari den lanaren idazlea ez daki nor den.

Bere etxepean bizi direnen berririk ez du.

Oraindik orain suak hartu zuen, itsasoaren erdian, itsasuntzi bat.

Urez inguraturik zen untzi hura ez zuten lehorrera ekarri arte itzaltzerik izan.

Itsaso zabaleko ur guztiak alferrik ziren.

Jendez inguraturik bizi den gizona ere bakarrik bizi da askotan, lagunik gabe.

Gutxi asko, gizonak beti izan du harremanetarako bide batzuren beharra.

Tokian tokiko eta garaian garaiko zailtasunez eragotziak izan ditu harreman hoiek.

Eta tokian tokiko eta garaian garaiko komunikabideak asmatu behar izan ditu.

Garaian garaikoak

Euskal Herriak ez zuen herri bildurik, ez zuen etxe sail pilaturik, Nafarroa eta Arabako ordekakoez aparte.

Han-hemenka sakabanaturik zen jendea.

Oihuaren bidez, adarraren, txalapartaren eta abarren bidez hotsegiten zitzaion urrutikoei.

Artze anaiei esker hain ezaguna den txalaparta, urruti bizi zirenei hotsegiteko asmatua da dirudienez.

Ehizerako, batzarrerako, hauzo-lanerako deia egiteko asmatua, hain zuzen ere.

Euskal komunikabiderik zaharrena berau dugula esan dezakegu, beraz.